e. Jarduera didaktikoak 
1. UNITATE DIDAKTIKOA: HAU NI NAIZ
 
  IZENBURUA: HAU NI NAIZ
DENBORALIZAZIOA: 2-3 saio
TOKIA: Gela Arrunta
XEDEA: Unitate didaktiko horrek, ikaslea plataforma digitalaren barruan norbera bezala identifikatzea lagunduko du, bai eta bere familiakideen ezaugarri fisikoak ere.  
   
  HELBURUAK:
   
  - Ikasleriak hainbat ezaugarri fisikoz jabetzea
- Desberdintasun fisikoak errespetatzea
- Norberaren izena idaztea
- Kontzientzia fonologikoa barneratzen joatea
- Ikasleak bere jaiotza hilabetea ezagutzea
- Urtaroak eta horien ezaugarriak identifikatzea
   
  GAITASUNAK: 
   
  a) Hizkuntzarako/komunikaziorako gaitasuna
b) Matematika-gaitasuna
c) Osasun-kulturarako gaitasuna
e) Gizarte eta hiritar-gaitasuna
g) Ikasten ikasteko gaitasuna
h) Norberaren autonomiarako eta ekimenerako gaitasuna  
   
  MATERIALAK
   
  - Ikaslearen argazkia
- "Hau ni naiz" fitxa
- Hilabeteen trena
- Urtaroen muralak
- Kola, arkatza eta kartulina
   
  JARDUERAK
   
1. EKINTZA: Begira nire argazkia! 
   
  Ikasle bakoitzak gorputz osoaren argazkia ekarriko du etxetik. Gelan eta kolektiboki edo talde handian, ikasleak gainerako ikasleei erakutsiko die bere argazkia. Zer ikusten duten galdetuko die irakasleak ikasleei:
 
  • Zer ikusten duzue?

Zer da, neska ala mutila?

Nolakoa da?
- (adina: haurra, nerabea, heldua …)
- (arraza: zuria, hegoamerikarra, beltza …)
- (ezaugarri fisikoak: altua/baxua, lodia/argala …)
   
  Irakasleak dinamizatzailearena egin behar du, ezaugarri fisiko desberdinen aurrean errespetuzko jarrera zabalduz.
   
   
2. EKINTZA: Nire izena……… da
   
  Etxetik ekarritako argazkiarekin "Hau ni naiz " fitxa beteko dute. Bertan, argazkia itsatsi eta behealdean, esaldiaren hutsunean haien izena idatziko dute.

Ikasleriaren adinaren arabera, izena edo esaldi osoa idatz dezakete. Irakasleak, fitxa horren bidez eta talde txikian, kontzientzia fonologikoa lan dezake, eta baita pertsona bakoitzaren ezaugarri nagusietan dauden desberdintasunak ere, adibidez: arraza, adina, generoa, ezaugarri fisikoak eta abar.
   
   
3. EKINTZA: Nire hilabetea ………..da.
   
  Ekintza horrekin ikasleak zein hilabetetan jaio den ikasiko du, bai eta hilabete hori zein urtarori dagokion ere. Hasierako ekintzan, hilabeteak ezagutzeko, hilabeteen trena egingo dugu. Kartulinarekin tren baten bagoiak sortuko ditugu, urtaro bakoitzeko hilabeteek kolore batez eta bere izena idatzita dutela.

Behin trena osatuta, ikasleek dagokion hilabetean (bagoian) itsatsiko dute argazkia. Ondoren, "hau ni naiz " fitxa berreskuratuko dugu eta bertan zein hilabetetan jaio den kopiatuko du ikasleak, trenaren bagoiari begiratuz. Fitxan "Nire hilabetea…..da ", esaldia azalduko da.

Jarduera horretan, irakasleak taldeka jarri ditzake ikasleak, horrela arreta zuzenagoa eskaini ahal izango baitie ikasleei, bakoitzak bere hilabetea bilatzen eta kopiatzen duen bitartean.
   
   
4. EKINTZA: Urtaroak
   
  Unitatea bukatzeko, aurreko ekintzan osatu dugun "hilabeteen trena "- rekin urtaroak landuko ditugu. Ikasleak talde handian daudela, gelan eduki ditzakegun urtaroen mural arruntak aterako ditugu. Ikasleak korruan eserita daudela, muralak lurrean ipiniko ditugu. Ondoren, muralak lurrean daudela, irakasleak "hilabeteen trena "muralaren gainean ipiniko du, bagoi bakoitza dagokion urtaroan kokatuz. Horrela, ikasle bakoitzak ikusi ahal izango du zein urtarotan jaio den.

Irakaslearen rola garrantzitsua da urtaroen ezaugarriak nabarmentzeko, galdera sortaren bidez ikasleen ezagutzak landuko baitira:
 
  • Zein urtarotan dago zure hilabetea?

• Zer eguraldi egiten du?

• Zer arropa jartzen dugu?

   
   
  EBALUAKETA-IRIZPIDEAK
   
  - Ea haren nahiz besteen ezaugarri fisiko desberdinak errespetatzen dituen.
- Ea bere izena idazteko gai den.
- Ea hilabeteak ezagutzen dituen.
- Ea urtaroen ezaugarriak identifikatzen dituen.
- Ea jardueretan modu esanguratsuan parte hartzen duen.
   




 
a. Familia-aniztasunaren garrantzia ikastetxeetan
b. Familia eskola-curriculumean: Curriculum-gaitasun eta -edukiak
c. Gida didaktiko-pedagogikoa
d. Irakaslearentzako orientazioak
e. Jarduera didaktikoak
f. Baliabide osagarriak