e. Jarduera didaktikoak 
3. UNITATE DIDAKTIKOA: GU
 
  IZENBURUA: GU
DENBORALIZAZIOA: 2-3 saio
TOKIA: Gela arrunta
XEDEA: Ikasleak bere familia-eredua plataformaren bidez osatzea. Norberak bere familia-aniztasuna onartzea eta gelakideei segurtasunez aurkeztea.
   
  HELBURUAK:
   
  - Familia-aniztasunaren aurrean errespetua lantzea
- Norberaren familia-eredua naturaltasunez onartzea
- Kolore desberdinak ezagutzea
- Ordenagailuaren bidez lan bat egitea
- Lanak txukun eta gogoz osatzea
- Jardueretan jarrera egokiaz parte hartzea .
   
  GAITASUNAK: 
   
  a) Hizkuntzarako/komunikaziorako gaitasuna
b) Matematika-gaitasuna
c) Zientzia, teknologia eta osasun-kulturarako gaitasuna
d) Gaitasun digitala
e) Gizarte eta hiritar-gaitasuna
f) Arte-kulturarako gaitasuna
g) Ikasten ikasteko gaitasuna
h) Norberaren autonomiarako eta ekimenerako gaitasuna
   
  MATERIALAK
   
  - Plataforma digitala
- Inprimagailua
- Kolorezko kartulina handiak
- Kolorezko argizariak
- Kola
   
  JARDUERAK
   
1. EKINTZA:"Nire familia osatzen dut"
   
  Jarduera hori egiteko, ikasleak binaka jarriko ditugu ordenagailuaren aurrean. Plataformaren bidez ikasle bakoitzak bere familia osatuko du (Iruditeka tresnaren bidez familiakideen aniztasuna primeran isla daiteke: adina, arraza, generoa eta abar). Familia osatu ondoren, zein testuingurutan kokatu nahi duen aukeratuko du: parkean, mendian, hondartzan eta abar.

Plataformak dituen aukerez balia gaitezke. Ondoren, fitxa inprimatu eta koloreztatu egingo dute.

Aldi berean, gainerako gelakideek beste ekintza bat osa dezakete; esaterako; plataformak duen "iruditekatik" zenbait irudi desberdin inprima ditzakegu, adibidez: amona-aitona, haurtxo txikiak, nerabeak... Beti ere gure gelan dagoen aniztasuna islatuko duen giza-irudi sorta izan behar du.

Behin irudi horiek inprimaturik daudela, ikasleak bere familia osatuko duten giza-irudiak aukeratu eta mural batean itsatsiko ditu.
   
2. EKINTZA: "Guk ……. atsegin dugu"
   
  Aurretik sortutako fitxez baliatuta, haurrak kolektiboki jarriko dira. Bakoitzak bere fitxa eskuan duela, irakasleak kolore desberdinetako zenbait kartulina handi jarriko ditu lurrean. Kartulina bakoitzak izenburu bat edukiko du; "Guk mendia atsegin dugu", "Guk hondartza atsegin dugu", "Guk parkea atsegin dugu" eta abar. (Plataformak tokiak irudikatzeko dituen aukerak ugari dira; horiekin loturik urtaroak eta, bidenabar, arropa mota desberdinak lan daitezke).

Behin material guztia prest dagoela, ikasle bakoitzak banan banan eta besteei zuzenduz honela esango du, "guk mendia atsegin dugu " eta bere fitxa mendiaren kartulinan itsatsiko du irakaslearen laguntzarekin.

Azkenik, jarduera amaitutzat eman aurretik, irakasleak zenbait mezu zabal ditzala komenigarria iruditzen zaigu, jarduera horrekin ikasleei zera ikus arazi nahi baitzaie: familia-eredu desberdinak eduki arren, atsegin ditugun gauzen aurrean berdinak gara, hau da, Unai, Maider edo Arkaitzen familiak desberdinak izan arren, hirurek hondartzara joatea atsegin dute.
   
   
  EBALUAKETA-IRIZPIDEAK
   
  - Ea norberaren familia-eredua onartzen duen
- Ea harena ez den familia-eredua errespetatzen duen
- Ea ordenagailua erabiltzeko gai den
- Ea lanak txukun egiten dituen
- Ea koloreak koherenteki erabiltzen dituen
- Ea jardueretan pozik eta gogotsu parte hartzen duen
   




 
a. Familia-aniztasunaren garrantzia ikastetxeetan
b. Familia eskola-curriculumean: Curriculum-gaitasun eta -edukiak
c. Gida didaktiko-pedagogikoa
d. Irakaslearentzako orientazioak
e. Jarduera didaktikoak
f. Baliabide osagarriak